2009/08/13

Web posizionamendua. Oinarriak.

Zer da web posizionamendua?

Egun, milaka orri aurki daitezke Interneten, eta denak sailkatuta eta kontrolatuta edukitzea guztiz ezinezkoa. Horren aurrean, erabiltzailea galduta aurkitzen da batzuetan, eta dagoen informazioak gainezka egiten dio.

Egoera horri aurre egiteko, gero eta gehiago erabiltzen dira bilatzaileak. Gure artean, Google da ospetsuena. Bere funtzionamendua, berez, oso sinplea da, nahiz eta atzetik oso konplexua izan. Erabiltzeak hitz bat edo batzuk idazten ditu, eta idatzitakoarekin lotura zuzena dauzkaten web orriak agertzen dira, garrantziak sailkatuta.

Horrela, askoz errazagoa da Interneten bilatu nahi duguna aurkitzea, batez ere orriaren helbide ezagutzen ez dugunean. Adibidez:

Demagun dentista baten bila gabiltzala, eta ez dugu inor ezagutzen, beraz gure herrian daudenak jakin nahi ditugu. Horretarako, bilatzailean "dentistak Bilbon" sartuko dugu. Unetxo bat geroago, bilatzaileak gehien egokitzen diren emaitzak erakusten digu.

web posizionamendua

Hantxe ikus dezakegu gai horri buruzko orriak. Milaka egon daitezke, baina benetan arreta bereganatuko dituztenak lehenengo postuetan agertzen direnak izango dira. Hain zuzen ere, hori da web posizionamendua, gure web orria hobetzea lehenengo postu interesgarri horietan agertzeko, eta horri esker bezero gehiago lortzeko.

Horretarako, hainbat teknika, tresna, eta abar erabiltzen dira. Orri honetan, apurka-apurka web posizionamendua ezin hobea edukitzeko egin ahal diren eta egin behar ez diren gauzak ikasiko ditugu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario